Geometria baratzean Miguel de Cervantes eskolako ikasleekin

Pasa den maiatzaren 20an, Miguel de Cervantes eskolako Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleak UPV/EHUko Arabako Campuseko baratze ekologikoan egon ziren matematika ikasten. Bizitza errealeko hainbat esparrutan moduan, baratzean ere geometria dagoela ohartu dira. Baratzean dauden hainbat objektutan irudi geometriko lauak eta solido geometrikoak identifikatu dituzte, eta objektu horiek baratzeko planoan kokatu dituzte. Horrela, espazio-zentzua jorratu dute esperimentalki. Talde-lanean, giro onean eta eguraldia lagun, ikas-irakas esperientzia ederra partekatu dugu.

Egindako inplementazioaren analisia, Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Lehen Hezkuntza graduko Asier Otegi Alavak egingo du bere gradu amaierako lanean, Elena Agirre Basurko irakaslearen zuzendaritzapean. Eskerrik asko Miguel de Cervantes eskolari gurekin lankidetzan aritzeagatik!

Ramón Bajoko ikasleak Arabako Campuseko baratzea neurtzen

Ramón Bajo eskolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak UPV/EHUko Arabako Campuseko baratze ekologikoan egon ziren (2025/05/06) matematika ikasten. Neurri-zentzua eta espazio-zentzua jorratu zituzten esperimentalki. Urratsak, oinak edota zinta metrikoa erabiliz, baratzearen azalera eta perimetroa kalkulatu zituzten. Ikasleak talde-lanean oso gustura aritu ziren. Eguraldia lagun, esperientzia polita bizi genuen.

Egindako inplementazioaren analisia, Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Lehen Hezkuntza graduko Asier Otegi Alavak egingo du bere gradu amaierako lanean, Elena Agirre Basurko irakaslearen zuzendaritzapean. Eskerrik asko Ramón Bajo eskolari gurekin lankidetzan aritzeagatik!

ENLIGHT WORKSHOP: UNIVERSITY GARDENS FOR LEARNING AND COLLABORATION

Datorren maiatzaren 26 eta 27an, Arabako campusean, UNIVERSITY GARDENS FOR LEARNING AND COLLABORATION ENLIGHT partzuergoaren Workshopa egingo da gai honen inguruan:”Organization, Best Practices and Commitment in University Collaborative Gardens”. Unibertsitate-baratze kolaboratiboen gobernantza ereduak aztertuko dituen tailer praktikoa izango da. Tailer honetan Bordeleko Unibertsitateko, Uppsalako Unibertsitateko eta Bratislavako Comenius Unibertsitateko ordezkariek parte hartuko dute. Topaketa honek gure baratze ekodidaktikoa gertutik erakusteko aukera emango digu, baita garai honetako ohiko lanak egiteko aukera ere. Egitarau osoa deskarga daiteke esteka honetan.