STEAM erronka gure baratzean Lehen Hezkuntzako ikasleekin

Lehen Hezkuntzako 1. mailako Sagrado Corazón ikastetxeko ikasleek Hazi Campuseko ortura joateko aukera izan zuten STEAM proiektu bat egitera!

Aurreko Martxoaren 20an, Claudia Alonso, Lehen Hezkuntza Graduko ikaslea, Corazonistas ikastetxeko 1. mailako ikasle eta tutoreekin bertaratu zen gure baratzera. Claudia Gradu Amaierako Lana burutzen ari da Elena Agirre irakaslearen zuzendaritzapean Matematikaren Didaktikaren inguruan.

Hona hemen Claudiaren egun horretako kronika:

Ikas-egoera honen helburu nagusia, lehenengo mailako ikasleek ortuaren testuinguruan matematikako eduki desberdinak lantzea izan zen. Horretarako, aurreko asteetan landu zituzten jakintzak eta estrategiak martxan jartzea ezinbestekoa izan zen, natura eta ingurumena zaintzen zuten bitartean benetako EKODETEKTIBE bihurtzeko. Ortuaren ikas-egoera gauzatzeko, 1. mailako ikasleekin pista-jolas bat sortu zen matematikako hainbat eduki lantzeko testuinguru erreal batean. Horrela, bizitzako esparru gehienetan matematika aurki daitekeela konturatzeko aukera izan zuten ikasleek. Guztira, lau eginkizunez osatutako erronkak egin ziren, pista desberdinak erabiliz. Amaitzeko, guztiek batera azkenengo pista ebatzi zuten eta klasean bertan landatzeko haziak irabazi zituzten. Jarduera hauek matematika ezagutza bizitzaren beste arlo batzuekin erlazionatzen laguntzen dute, eta ondorioz, matematika hezkuntzaren ikuspegia handitzen da, ikasle trebeagoak eta kritikoagoak heziz.”